Hizkuntzak

XIX. mendearen hasieran, euskara oraindik ere bizirik zegoen Iruñean, baina atzerakada nabarmena bizi zuen, batez ere espainiar agintariek gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko emandako aginduengatik. Hala ere, korronte zientifiko berriak agertu ziren, eta horrela euskara azterlanen jomuga bilakatu zen. Louis Lucien Bonaparteren edo Wilhelm von Humboldten lanek ere goraipatu zuten euskararen garrantzia, Europako hizkuntzarik zaharrenetakoa izaki. Era berean, hala Monumentuen Batzordeak nola Euskal Elkargoak xedetzat zuten euskara eta euskal kultura ikertzea eta babestea.

Iruñeari dagokionez, 1808an frantsesek hiria hartu ondoren, deigarria da gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu zituztela herritarrei zuzendutako zenbait manifestu.