, Kultura eta Gizartea – Descubre la historia de Pamplona con Data Hackers

Kultura eta Gizartea

Foruen garaia (XIX. mendea)

Arturo Campión

Arturo Campión (1854-1936) Hizkuntzalaria, Euskaltzaindiko fundatzaileetako bat eta euskaltzain osoa izan zen, baita Espainiako Erret Akademiako akademikoa ere. Politikari dagokionez, Iruñeko Udaleko zinegotzia eta Gorteetako diputatua izan zen. Idazlea ere bazen, eta hainbat genero jorratu zituen: mintzaldi eta hitzaldiak, kazetaritza-artikuluak, idazki politikoak, eleberriak eta ipuinak, historiari buruzko liburuak, antropologia edo hizkuntzari buruzko gaiak, betiere xede bera bultzaturik: “Euskalherriaren alde” leloa defendatzea (Euskal Herriaren alde eta Nafarroako foru araubidea berrezartzearen alde).

Ikerketa Historikoak eta Linguistikoak

Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordea jaio zen, Barne Arazoetako Ministerioak probintzia guztietan sortutako erakundea, antigoaleko gauzak kontserbatzeko eta babesteko ardura zuena. 1895ean argitaratu zen lehen aldizkaria, eta bertan bildu ziren interes handiko komunikazioak, artikuluak, ikerketa historiko eta artistikoak, eta abar.

Bestalde, 1878ko urtarrilaren 6an eratu zen Nafarroako Euskal Elkargoa, Euskal Herriko kultura babesteko asmoz. Honako hauek ziren elkargoa sortu zuen zuzendaritza batzordeko kideak: Esteban Obanos (lehendakaria), Juan Iturralde y Suit (idazkaria), Florencio Ansoleaga, Estanislao Aranzadi, Salvador Echaide eta Ramón Irurozqui. Batzuk ezagunak izango dituzu, izan ere, Iruñean haien omenezko kaleak eta tokiak daude.

Juan Etxepare

Juan Etxepare burlatarra zen eta Iruñeko Kale Nagusiko estankoaren jabea zen. Berari bururatu zitzaion, 1931n, sanferminak hasteko suziri bat botatzea; garai hartan, Gazteluko plazan egiten zen. Etxepare erail egin zuten errepublikaren aurkako 1936ko altxamendu militarrean. Gero, 1941ean, Udaleko bi zinegotzi hasi ziren txupinazoa botatzen Udaletxetik.

Prentsa

Nabarmendu behar da prentsa XIX. mendean jaio zela. Iruñeari dagokionez, jatorrizko lehendabiziko egunkaria sortu zen, hasiera batean Gazzette de la Navarre izenekoa, gero Gaceta Oficial de la Navarra izango zena. 1810ean agertu zen, eta boterean zeuden agintari frantsesen aginduz hasi zen erredaktatzen. Egunkaria nabariki propagandistikoa zen, frantsesek erabili baitzuten herritarren mesedea irabazteko.

XIX. mendean zehar agertzen eta desagertzen joan ziren joera desberdinetako egunkariak, besteak beste El Eco de Navarra (1875), La Tradición Navarra (1894) eta El Pensamiento Navarro (1897).

Hizkuntzak

XIX. mendearen hasieran, euskara oraindik ere bizirik zegoen Iruñean, baina atzerakada nabarmena bizi zuen, batez ere espainiar agintariek gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko emandako aginduengatik. Hala ere, korronte zientifiko berriak agertu ziren, eta horrela euskara azterlanen jomuga bilakatu zen. Louis Lucien Bonaparteren edo Wilhelm von Humboldten lanek ere goraipatu zuten euskararen garrantzia, Europako hizkuntzarik zaharrenetakoa izaki. Era berean, hala Monumentuen Batzordeak nola Euskal Elkargoak xedetzat zuten euskara eta euskal kultura ikertzea eta babestea.

Iruñeari dagokionez, 1808an frantsesek hiria hartu ondoren, deigarria da gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu zituztela herritarrei zuzendutako zenbait manifestu.

Jantziak

XIX. mendeko jantziek oraindik ere gizarte-desberdintasunak islatzen zituzten.

Klase dirudunen kasuan, bilakaera bat izan zen, baina hiriko jende aberatsaz ari gara, hau da, gutxiengoaz.

Herri-klasekoak, normalean, ez zituzten janzten gaur egun ezagutzen ditugun jantziak.

Garai hartan jarri zen modan txapela. Ez dakigu zein zen jatorria, baina egile batzuen arabera, Eskoziatik ekarri zuen han preso egon zen bearnotar batek. Gerora, Euskal Herriko beste toki batzuetara hedatu zen, eta famatu egin zen Lehen Karlistaldiaren (1833-1840) ondoren, karlistek (baita ofizialek ere) erabili baitzituzten.

XIX. mendean, emakume arropa-garbitzaile eta saltzaileen jantziak izan zitezkeen hiriko herritar gehienek erabiltzen zituztenen adierazlerik onena.

María Ana Sanz

Garai hartan, aintzat hartutako emakumea izan zen María Ana Sanz Huarte (1868-1936). Irañetan jaiotako pedagogoa Nafarroako Maistren Eskola Normaleko zuzendaria izan zen.

Fuente Imagen Euskonews http://www.euskonews.com/

Sanferminen sona handia

Sanferminak erabat aldatu ziren XX. mendetik aitzina. Izan ere, bizilagunei mugatutako tokiko jai horiek arretagune bihurtu eta sona handia lortu zuten Ernest Hemingwayk sanferminak bisitatu eta The sun also rises (1926) –gaztelaniaz Fiesta izenarekin itzulia– eleberri famatua idatzi ondoren.

Harrezkero, denak gora egin zuen eta atzerritarren etorrerak aldaketa handiak eragin zituen. Iruindar jantzia, zuri eta gorria, 60ko eta 70eko hamarkadetan hedatu zen. Dena den, sustatzaileak jada desagertua den “La veleta” peñako kideak izan ziren, 30eko hamarkadan. Hain zuzen, peña horretako kide asko pintoreak ziren, eta frankismoak  errepresaliatuak izan ziren.