Euskara eta latinaren arteko elkarbizitza

Ohiko bihurtu zen latina hizkuntza jaso eta ofizial gisa erabiltzea; horrela, hizkuntza hori eta latinetik eratorri ziren erromantzeak (okzitaniera, nafarra edo gaztelania) “administrazio-hizkuntza” bihurtu ziren.
Latinaren eta euskararen arteko elkarbizitzari dagokionez, pentsa dezakegu bertako klase boteretsuek elebitasun egoera bat bizitzen zutela, izan ere, gogo bizia zuten erromatarren aurrean nolabaiteko prestigioa lortzeko; hala, latina ikasiko zuten, baina hemengo berezko doinuarekin. Gainerako herritarrek latina ozta-ozta ezagutuko zuten, edo oinarrizko mailan hitz egingo zuten.

Begien bistakoa da euskara jatorrizko biztanleen hizkuntza zela, nahiz eta ez dugun horren froga epigrafiko garbirik; izan ere, herri-hizkuntza zenez, ez zen agirietan erabiltzen –aurretik aipatu dugun bezala–. Euskararen aztarnak toponimoetan topatu ditzakegu (herrien izenak, etab.) edo izendapen jakin batzuetan.