, Garaiko pertsonaiak – Descubre la historia de Pamplona con Data Hackers

Garaiko pertsonaiak

Burguen garaia (XII. m.-XV. m.)

Karlos III.a eta Leonor

Karlos III.a Prestua eta horren emazte Leonor Iruñeko katedralean lurperatu zituzten. Hala agindu zuen erregeak, izan ere, tenplu horretan koroatu zuten, Andre Maria Erreginaren edo Sagrarioko Andre Mariaren (oraindik ere hor dago) aurrean.

Hilobia alabastroz egina dago, eta Europako hilobi-eskultura gotikoen alerik onenetakoa da. Bisitatuz gero, ikusiko duzu lehoi bat eta bi erbi-txakur (ehiza-txakurrak) daudela errege-erreginen oinetan. Karlos III.aren oinetan dagoen lehoiak indarra irudikatzen du, eta Leonorren oinetan dauden erbi-txakurrek leialtasuna. Alboetan, errege-erreginen heriotza dela-eta lantuan ari diren hogeita zortzi pertsonaia daude zizelkaturik. Dirudienez, horietako batzuk Nafarroako Gorteko benetako pertsonaiak ziren.

San Fermin

Tradizioaren arabera, Firmo senataria –Iruña gobernatzen zuen Diocleciano enperadorearen garaian– eta haren familia osoa kristautasunera bihurtu ziren. Fermin –senatariaren semea– oso gaztea zelarik hasi zen Ebanjelioa predikatzen. Hogeita lau urterekin gotzaindu zuten, Toulousen.

 

Fermin Galietara joan zen predikatzera, eta horregatik kartzelaratu eta, geroago, burua moztu zioten (hori da arrazoia egun festetan lepoan zapi gorria erabiltzeko).

 

Kondaira XII. mendean iritsi zen Iruñera, Rodako edo Pariseko Pedro Iruñeko artzapezpikuari esker. Antza, berak ekarri zituen santuaren erlikiak, zeinak Iruñeko Katedralaren aldarean gorde baitziren. San Ferminen gurtza pixkanaka-pixkanaka zabaltzen joan zen Nafarroa osoan; hain zuzen, egun Nafarroako patroia da San Frantzisko Xabierkoarekin batera.