, Arkitektura eta teknologia – Descubre la historia de Pamplona con Data Hackers

Arkitektura eta teknologia

Garai erromatarra K.o. I. MENDEA-K.o. VIII. MENDEA

Elikagai berriak

Iruña zaharreko herritarrek merkatuetan erromatarrek ekarritako produktu berriak –haientzat ezezagunak ordura arte– ezagutu zituzten: tipula, baratxuria, porrua, aranak, mertxikak edo hain gogoko dituzun dilistak).

Komunikazioak

Erromatarrek eraiki zuten zubi eta galtzaden sare ikusgarria –behar bezala zainduta eta seinaleztatuta– giltzarri izan zen Erromak bere inperio zabala eraginkortasunez zuzendu eta komunikatu, salerosi, hornitu eta borrokatu ahal izateko.

Antzinako errepide eta azpiegitura horien tarte asko topatu dira Nafarroan. Miliarium batzuk ere aurkitu dituzte; harrizko monolito zilindrikoak dira, eta distantziak milia erromatarretan adierazten zituzten; horrez gain, normalean, garai hartan gobernatzen zuen enperadorearen izena grabatuta zuten. Nafarroako Museoan batzuk ikus ditzakezu.

Tenpluak

Jainko erromatarrak, izena eta aldagai txiki batzuk salbu, jainko greziarren kopia ia zehatza dira. Are, horiek gurtzeko tenpluak ere Greziakoen kopia ziren. Ziur aski, euskal-erromatar hiri guztietan eraikiko ziren horrelako tenpluak. Gizarte erromatartu horretan batera zeuden euskaldunen eta erromatarren elementu erlijiosoak.

Etxeak

Triclinium delakoa etxeko gelarik garrantzitsuenetako bat zen. Bertan egiten zituzten otorduak eta ospakizun esanguratsuak. Mahaikideak erdian zegoen mahai baten inguruan etzaten ziren.

Afaria zen otordurik garrantzitsuena. Normalean hauxe jaten zuten: entsalada, arrautza egosiak, olibak, dilistak, zerealak, gazta eta, batzuetan, txerriki edo behiki pixka bat. Azkenburuko ohikoenak ziren frutak, pastak eta fruitu lehorrak.

Etxeko gelak banatuta zeuden atari bat zuen atrium izeneko patioaren eta barne-lorategi edo peristylium baten inguruan.

Etxearen bihotzean lararium bat –etxetxo itxurako aldare txiki bat– ere egon ohi zen, non jainkoen iruditxo batzuk paratzen baitziren, hildako senideen espirituak irudikatze aldera.

Sukaldean egurrarekin gisatzen zuten, adreiluz eta karez egindako su-ontzietan. Gaur egun bezala, zartaginak eta metalezko nahiz buztinezko ontziak zeuden. Ez zegoen tximiniarik, eta kea leihotik edo horman egindako zulo batetik ateratzen zen kanpora. Bainugelek komun arrunt bat zuten –ez beti–, eta sukaldean bertan egoten ziren.

Jakina, erromatarren okupazioak landa-eremuan ere eragina izan zuen; hain zuzen, villa andana eraiki ziren Nafarroa osoan, kasurako Ledea, Andelos eta Arellanoko villa ospetsuak. Bisita itzazu, ikusgarriak dira!

Teknologia militarra

Erromanizazioaren arrakasta zor zitzaion, batez ere, armada erromatarraren nagusitasun itzelari –teknikaz eta taktikaz bezainbatean–, izan ere, arma oso aurreratuak erabiltzen zituzten, hala nola irudian ageri den ballista, onager delakoa edo scorpio izenekoa; horiekin, artilleria oso urruti eta zehaztasun handiarekin jaurti zezaketen.